XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Euskarak mundu modernorako ez zuela balio irizten zion, kultur hizkuntza izateko barne gaitasuna falta zitzaiola. Eta ez zitzaion arrazoirik falta seguruenik. Julien Vinson euskalari frantsesak ere esana zuen horrelakorik urte batzuk lehenago.

Orduko euskarak ez zeukan Unamunok nahi zuen kultur mailarik, eta berak ez zuen batere ahaleginik egin filosofi tradiziorik gabeko euskara totel eta traketsa kultur hizkuntza moderno bihurtzeko. Nekez idatz zezakeen, bada, bere hizkera ziztrin eta amuts hartan, Bizitzaren sentimendu tragikoaz euskarazko titulua eraman zezakeen saio filosofikorik.

Horregatik, euskaraz egiteko ezintasunarengatik edo, erdaraz idatzi beharra izan zuen ezinbestez. Axularren esaldia zuzenduz, errua euskaldunena ez baizik euskararena berarena zela uste zuen.

Euskarari salatu zizkion akats asko egiazkoak ziren, baina zapuzgarriak beste batzuk. Arana Goirik berak ere arrazoi ematen zion: Euskarak baserriko lanez hitz egiteko baino ia ez du balio ... Euskara, gaur egun, ez da baliagarria. Aitzitik, oztopoa, eragozpena da arlo guztietan: hezteko, ikasteko, merkataritzariko, bizitzarako...

Euskara landu gabeko hizkuntza izanik, zientzia eta filosofiaren berri emateko gauzaeztakoa zen. Unamunok ezagutu zuen euskara tartaila arloteegia zen pentsamendu sakonik aditzera emateko. Aranazaleen euskara arrunt ulergaitza eta artifiziala gertatzen zitzaion, neologismoz beteriko hizkera egosgaitza baitzerabilten.

Unamunok egia zuen hainbat puntutan, baina kirtenkeriak ere esan zituen inoiz edo behin.